Auzitegi Gorena azken auzialdiko organoa da kasu guztietan. Haren erabakiei ezin zaie helegitea aurkeztu, eskubideak urratzen ez badira. Espainiako erregeak soilik utz dezake Auzitegi Goreneko agindu bat baliorik gabe, Konstituzioak errege horri barkamen eskubidea ematen diolako.
Auzitegi hau polemika handiko auziak ebatzi ditu, ondorio politiko nabarmenekoak, hala nola Ezker Abertzaleko alderdien ilegalizazioa Euskal Herrian, eta García Ortiz Estatuko Fiskalaren kondena, ordu arte pentsaezina, bere burua iruzurgile aitortzen zuen pertsona ezagun baten mezua filtratu zuelakoan.
Bere zereginen artean, alderdi politikoen ilegalizazioen gaia eramaten du, baita ministro edo Espainiako Gobernuko presidentearen eta Estatuko Fiskaltzaren aurkako akusazioak ere. Haiek epaitzeko ahalmena duen organo bakarra da.[1] Bere azpiko auzitegien helegiteak berretsi edo baliogabetzeaz ere arduratzen da, horrek duen azken auzialdiko nagusitasuna erabiliz.
Presidente bat eta hainbat magistratuz osatuta dago. Auzitegiko kide horiek Erregeak aukeratzen ditu Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak gomendatuta.
Ia urtebete geroago, azaroaren 15ean, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Gipuzkoako Auzitegiak Mattin Sarasolari eta Igor Porturi tortura larriak eragiteagatik bi guardia zibilen kontra ezarri zigorra (zer eta lau eta bi urteko kartzela zigorrak), adieraziz «lekuko bat familiakoa zela eta beste bi Ezker Abertzalekoak»[4] eta ETA «talde terroristak agindu ohi zuela tortura salatzea», eta horixe egin zutela.[5]
2026ko uztailaren 13an, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen azpikontratatutako enpresen hizkuntza eskakizunei buruz EAEko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) emandako epaia eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzak ezin izango ziela eskatu azpikontratutako enpresetako langileei funtzionarioek zituztenen pareko hizkuntza baldintzak. CCOO sindikatuak eraman zuen gaia auzitara Ebazpenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen Jaurlaritzak hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideei buruz 2023ko ekainean argitaratutako zituen hiru agindu.[7] Aste batzuk lehenago, berretsi egin zuen Donostiako Udalak ezin zuela C1 euskara maila eskatu lan eskaintza batean.[8]
2001eko urtarrilaren 11n, Espainiako Auzitegi Gorenak artxibatu egin zuen Biescas kanpineko hondamendiaren auzia. 87 hildako eta 180 zauritu utzitako ezbehar hori azken 25 urteetako hondamendi natural handiena izan zen Espainian. Bada, erantzule penalik gabe gelditu zen. Gorenak erabat arduraz absolbitu zuen Luis Bardají, kanpineko zuzendaria eta Biescasko Udala. Aldiz, administrazioarekiko auzien prozeduran, Aragoiko Gobernua eta Ingurumen Saila kondenatu zituen, hondamendiko uraldia gertatuko zela aurreikus zitekeelakoan.[9][10]
2018ko azaroan, Pablo CasadoPPko presidentea zela, Ignacio Cosidó alderdi horren Espainiako Senatuko bozeramaile ohiak Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren kontrolari buruz, Whatsapp mezu batean, baieztatu zuen Alderdi Popularrak «atzeko aldetik» kontrolatzen zuela Auzitegi Gorena, Bigarren Sala, hain zuzen, eta nabarmendu zuen Sala horrek diputatuak, senatariak eta gobernuko kideak epaitzeko eskumena zuela.[1][11]
Gainera, mezu horretan Cosidók adierazi zuen PP alderdia 61. Sala bereziaren buru arituko zela, gogora ekarriz Sala hori zela alderdi politikoak legez kanpo uzteko ahalmenak zituen bakarra, hala nola Herri Batasuna, mezuan adierazten zenez. Bigarren Salako epaimahai bat izan zen Kataluniako prozesu independentistako politikariak eta liderrak epaitzeko arduraduna. Halaber, aipatu senatari espainiarrak Manuel Marchena epailea goretsi zuen, epaimahai horretako buru arituko zen berbera.[1][12][13][14][15]
Auzitegi Gorenak Álvaro García Ortiz estatuko fiskal nagusia epaitu eta kondenatu zuen 2025eko azaroan.[1] Auzitegiko Bigarren Salak fiskal nagusi izateko desgaitu zuen García Ortiz, eta hari 7.200ko isuna jarri. Gainera, behartu zion Isabel Díaz Ayuso Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidentearen bikotekideari, Alberto González Amador-i, kalte-ordainak pagatzera (10.000 euro), datu erreserbatuen errebelazioko bi deliturengatik: argitara ateratzea González Amadorren mezu elektroniko bat, bere delituak aitortzen zituena, eta fiskaltzak informazio horri buruz egindako prentsa ohar bat.[16][17]
Gorenak ez zuen kontuan hartu bi kazetariren lekukotzak, azaltzen zutenak haien iturria ez zela García Ortiz eta haiek fiskalak baino lehenago jaso zutela Ayusoren bikotekideari buruzko informazioa, haietako batek deklaratuz Madrilgo autonomia erkidegoko «iturri oso fidagarri batek» helarazi ziola.[18]
2024ko uztailaren 24an, konstituzio-kontrako arazo bat planteatu zuen Amnistia Legearen kontra, Procesari buruzkoa eta hainbat politikari katalani eragin ziena, «berdintasun eskubidea» eta «segurtasun juridikoaren printzipioa» urratzen zituelakoan, 49 foliotan azaldu zuenez. Bertan azaltzen zenez, konstituzioaren mugak urratu ziren. Epaimahaiak Manuel Marchena zuen buru, eta lagun zituen Andrés Martínez Arrieta, Antonio del Moral, Carmen Lamela eta Leopoldo Puente magistratuak.[19] Aldiz, 2026ko uztailaren 16an, Europako Justizia Auzitegiak ontzat jo zuen Amnistia Legea, eta presioa ezarri Carles Puigdemonten kontra Espainiako auzitegiak eman zuen aginduaren gainean.[20]